Mugimenduan nabaritzen dut ingurua. Itsasontzi bateko kamarotean nagoela dirudi. Orduan ireki ditut begiak. Gela ilunpean dago, etxean nago beraz, nire logelako ohean etzanda. Buruko min izugarria dut eta alkohol zaporea ahoan.
Besoa luzatu dut mesanotxera, ordularia begiratzeko asmoz, baina zaila egin zait bertan agertzen diren zenbakiak enfokatzea. “Geldi zaitezte une batez, mesedez, ordua garbi ikusi nahi dut” pentsatu dut nire barrenerako. Azkenean, enfokea hobetu ondoren, 13:38 ikusi dut markatuta. Jesus! Eta oraindik ohean!
Buruari bueltaka hasi naiz, aurreko gaueko pasarteak gogoratu nahian, baina zaila egiten zait. Lagunekin nire urtebetetze eguna ospatzeko sagardotegi bazkaria izan genuen eta Hernani inguruan ibili ginen arratsalde osoa. Egia esan, parrandarako izugarrizko gogoa nuen. Hala ere, ez naiz ondorengo ezertaz oroitzen. Nola iritsi naiz etxera? Zein ordutan? Mugikorra hartzea okurritu zait. Bertan mezu ugari ditut. “Itzela gaztiak!”, “Horrelako gehiago in ber ditugu!”, “Ze Amaiur? Atzo zer ;)”. Ba ez naiz ezertaz gogoratzen. Azkenean, ohetik altxatzeko esfortzua egin eta dutxara bidean jarri naiz.
Azken hilabeteak ez dira batere errazak izan niretzat. Duela hilabete pare bat bikotekidearekin, Ukerdirekin, harremana bukatu nuen. Bion erabakia izan zen, ustekabekoa hasiera batean, baina denbora generaman erdi-ipurdi. 2 urte generamatzan ofizialki bikote moduan, baina harremana aspaldidanik izan dugu. Gaztetan oso lagunak ginen, baina hori bakarrik. Harreman oso estua genuen, eta askotan brometan galdetzen ziguten ea gure artean zer zegoen. Nire aldetik, hasieran lagun bezala bakarrik ikusten nuen, baina egia da berarekin batera oso eroso sentitzen nintzela eta ongi pasatzen nuela.
Unibertsitate garaian bakoitzak bere bidea hartu genuen. Nik etxean ikasten jarraitu nuen, Donostian, magisteritza. Bera, aldiz, Bilbora joan zen soziologia ikastera. Ondorioz, geroz eta gutxiago elkartzen hasi ginen, bereziki asteburutan. Tarte honetan, bakoitzak bere bidea hartu zuen, baita bikote harremanetan ere. Ni klasekide batekin hasi nintzen harremanetan, eta berak ere unibertsitate giroan ezagutu zuen bere bikotekidea. Gure aldetik, aldiz, mezuak idazten jarraitzen genion elkarri, lagun bezala.
Hala ere, unibertsitate garaiak amaitu ostean, berak bere harremana eten eta Donostiara itzuli zen. Nik ere nire erlazioa amaitu nuen. Ondorioz, berriz ere, sarritan elkartzen hasi ginen. Gure artekoa intentsitatez handituz joan zen eta behin, Donostiako Aste Nagusiko gau batean, elkarrekin liatu ginen. Zerbait naturala izan zen. Biok nahi izan genuen zerbait izan zen. Hortik aurrera, gure bikote erlazioa hasi genuen.
Nahiko trantsizio naturala izan zela esango nuke, intentsitate berdinarekin geratzen jarraitu genuelako baina, orain, intimitate handiagoarekin. Gure arteko erlazioaren azken hilabeteetan aldiz intentsitate hori murriztuz joan zen. Ni eroso nengoen berarekin, baina berak beldurra zuen. Gure artekoa bukatuko balitz zer gertatuko litzatekeen pentsatzeak beldurtzen zion. Ni bera lasaitzen saiatzen nintzen, beldur horiek naturalak zirela adieraziz eta etorkizuneko irudikapen horiek bere burutik kentzen saiatuz. Batzuetan lortzen nuen bera lasaitzen, baina handik aste batzuetara berriz hasten zen berdinarekin.
Geroz eta deserosoago sentitzen nuen gure artekoa, eta ez nuen ondo ikusten Ukerdi. Horrela, harremana uztea erabaki genuen. Tarte guzti honetan, apenas idatzi diogu elkarri eta zaila da askotan zer egin erabakitzea. Nik idatzi nahi izaten diot, baina ez dakit nola hasi. Askotan saiatu izan naiz bere txatean mezu bat idazten. Hasi ere egiten naiz batzuetan, baina kaka egiten naiz gainean eta ez dut pausua ematea lortzen. Bera berdin egongo ote da? Ez da erraza maite izandako bati horrela, filtrorik gabe, idaztea; inongo barrerarik gabe. Garbi dago nire urtebetetze egunaz oroituko zela, deitu edo idatzi nahi izango dit? Seguraski bai, baina zail ikusten dut, tamalez.
Orain arte, nire burua distraitzen ahalegindu naiz; eta, horregatik, parranda gogoa. Baina ez dut gaueko ezer ere ez gogoratzen.
Bazkaltzeko hozkailuan atzotik gordetako pizza zatia berotu eta osorik jan dut. Igande arratsaldeak aspergarriak izaten dira, beraz, pelikula bat ipintzea erabaki dut. Hala ere, segituan idatzi dit kuadrillako Alaitzek, kafe bat hartzera animatzen naizen galdetzeko. Baietz esan diot. Arropa jantzi, mugikorra hartu eta etxeko atea zeharkatu dut kalera ateratzeko.
Normalean, Xanti tabernan elkartzen gara, etxetik 10 minutura dagoen betiko tabernan. Kalean jende gutxi ikusten da, igande arratsaldero bezala. Oso lasai dago dena. Momentu hauek aprobetxatzen ditut kalea beste patxada batez gozatzeko. Hala ere, lasaitasuna segituan bukatu zait mugikorra deika hasi zaidanean. Bat-batean, gorputza paralizatu eta Ukerdirengan pentsatu dut, baina pantailan ez da bere zenbakia ageri. Dei anonimo bat agertzen zait, bera izango ote da benetan? Bitan pentsatu gabe deia hartu dut.
– Bai?
Ez dut erantzunik jaso. Une horretan bertan bukatu da deia. “Txantxa bat izango da” esan dut nire barrenerako, burua engainatu aldera.
Xantira iristean Alaitz bertan dago, eta kafe bat eskatzera sartu naiz zuzenean barrura.
– Zer Amaiur? Atzo ongi bukatu al genuen gaua? – Galdetu zidan irribarre bihurri batekin.
– Ba ez dakit, baina baietz esango nuke. Etxera iritsi eta lo bertan egin dut, inoiz ez bezala.
– Nola? Zure etxean? Baina ez al zenuen ezagutu zenuen pertsonarekin ezer egin? Oso bero zineten…
– Ba ez dakit. Ez naiz ezertaz oroitzen. Norekin nengoen?
– Ez nuen ezagutzen, baina itxura galanta zuen. Hala ere, orain diozula, tabernatik bakarrik ateratzen ikusi zintudan, egia da.
– Bakarrik?
– Bai. Uste dut norbaitek deitu zizula telefonoz. Eta alde egin zenuen.
Horrek soluzio erraza zuen. Nire mugikorra atera eta azken deien erregistroa aztertzen jarri naiz.
00:12 Anonimoa (00:01)
01:30 Anonimoa (00:01)
03:22 Anonimoa (00:56)
16:33 Anonimoa (00:01)
Guztiak dei anonimoak dira, eta ez dut bakarra ere oroitzen, gaurkoa izan ezik. Badirudi pertsona berberaren deiak direla, baina denak modu anonimoan egindakoak dira.
– Zein ordutan ikusi ninduzun ateratzen?
– 03:22ko deiarekin esango nuke.
Beraz, “Anonimoarekin” berbetan egon nintzen bart eta, horrezkero, lagunek ez ninduten ikusi.
Dei horretan hitz egindakoa oroitzen ahalegindu naiz, baina ez dut ezer gogoratzen. Kuriosoa da, izan ere, lehenago deia jaso dudanean ez dut erantzunik jaso, baina, bart, ia minutu batez egon nintzen dei barruan. Hitz egin genuen edo minutu batez egon nintzen isilik? Egia esan, ez dakit, baina nire burua estutzen hasi zait.
– Ondo zaude Amaiur? Mamu bat dirudizu.
Ezer esan gabe etxerako bidea hartu dut.
Etxera iristean gauza minimoena egitea ere asko kostatu zait. Ez dut ezertarako gogorik. Buruan zerbaitek klik egin dit eta beldurrak itotzen hasi nau. Pentsatzen nuen hobetzen ari nintzela, baina kolpe batez ikusi dut ezetz, oraindik gaizki nagoela.
Etxea ilun dago jada, arratsaldeko seiak pasatxo diren arren. Isiltasuna da nagusi zirrikitu guztietan eta sentsazioa hotzarena da. Badirudi dena geldirik edo etenda dagoela hemen, denborak aurrera egingo ez balu bezala. Gauza guztiak bere tokian daude. Aurretik jan dudan pizzaren arrastoak oraindik ere hor daude. Oheak ere egin gabe jarraitzen du, etxetik atera naizenean bezala.
Denbora tarte honetan kalera atera, Alaitzekin egon, kafea hartu eta berriz itzuli naiz etxera. Eta hemen dena berdin dago, denborak aurrera egin duen arren. Horren froga bakarra argitasunarena da, lehen baino ilunago baitago dena.
Denborak aurrera egiten duen bezala, gauza batzuk beti berdin daudela dirudite, baina hori erlatiboa izaten da askotan. Harremanekin ere antzekoa gertatzen da zentzu batean: gauzak aurrera doaz denak berdin jarraitzen duela iruditu arren. Gure ingurukoak berdin daudela iruditzen zaigu askotan, denboran aldaketak egon badira ere. Ukerdirekin harremanak aurrera egin zuen, nahiz eta gure artekoan aldaketa nabarmenik ez egon, itxuraz. Berarekin elkartzen nintzen bakoitzean dena berdin topatzen nuen, aurretik utzitako lekuan zegoela zirudien. Hala ere, harremanak ere aldakorrak dira, gure ingurua bezala, nahiz eta horrela ez iruditu. Lehen arratsaldean etxea utzi dudanean, dena modu batera zegoen eta, ondoren, etxera itzultzean berdin. Baina benetan hala ote?
Pentsatzen jarrita, espazioan aldaketa nabarmen bat egon da: argitasuna. Arratsaldeko lehen orduan argia zegoen bitartean, ondoren, etxera iristean, ez. Horrek ingurua hotz egotearen sentsazioa eman dit. Beraz, nahiz eta dena berdin egon, ez zegoen berdin. Denborak guztia aldatu du: harremanak eta ingurunea. Nahiz eta gauzak leku berean utzi ditugula iruditu, ez da guztiz horrela izaten. Denbora pasa da eta, beraz, aldaketak egon dira.
Atzera itzultzeko aukerarik dago? Hau da, etxea lehen zegoen bezala egotea lor dezaket? Teoriak ezetz dio, denborak aurrera bakarrik egiten duelako. Gauzak lehen zeuden bezala topatzeko guk behartu behar dugu zerbait: arropak lehen zeuden bezala ipini, janari arrastoak modu aleatorioan utzi harraskan, sofako burkoa lurretik bota… Hala ere, inoiz ez da guztiz berdin egongo. Borondatea bai, baina zerbait gehiago behar da.
Gogoeta honen trantzearen ondoren, bat-batean, nire mugikorreko doinua entzuten hasi naiz. Hasieran ez naiz konturatu, egongelako mahaian utzi dudalako etxera sartzean. Segundo pare bat behar izan dut, beraz, soinua nondik datorren identifikatzeko. Mugikorra eskuan hartzean pantailara begiratu dut, nork deitzen duen begiratzeko. Berriz ere anonimoa. Bihotzeko bulkadak areagotu egin zaizkit, inoiz ez bezala. Denbora txiki batez pentsatu behar izan dut zer egin, baina azkenean deia hartu dut.
– Bai? – Galdetu dut berriro ahots urduriarekin.
Ez dut erantzunik jaso, baina ez da deia amaitu. Beste aldean arnas soinua nabaritzen da.
– Ez dakit nor zaren, baina agian nahastu egin zara.
Ez dut erantzunik jaso. Beste segundo bateko tartea utzi ondoren bota dut:
– Beno, ez dut denbora galtzeko gogorik, ongi izan.
Deia amaitzeko botoia sakatu aurretik, ahots ezagun eta goxo baten erantzuna entzun da beste aldean, urduri.
– Ez dut beste modu egokiagorik topatu zurekin harremanetan jartzeko, baina ezin nuen gehiago. Maite zaitut.

