Ez nintzen gogoratzen zein goibelak izaten diren eguneko lehen orduak. Eguzkia oraindik Alemania aldean egongo da, baina gaurko egunean ez dut uste bere presentziarik izango dugunik, beste behin ere. Portzierto, aterkia hartzea ahaztu zait.
Berandu nabil. Neguko egunetan beti kostatzen zait ohetik ateratzea. Mantek zigilatuta dauden sobreak dirudite eta, ni, barruan atera ezinik dagoen mezua. Kanpoko hotzak, gainera, ez du laguntzen lehen hanka oheko berotasunetik ateratzen. Hala ere, gaurko honetan, inoiz baino gehiago iraun dut ohe barruan, eta denbora nire kontra doa hasieratik. Ez dut ondo lo egin gainera, azken asteetan bezala.
Ohetik ateratzean, sukaldean, nire betiko bizikidea dut zain, Lula. Begietara begiratu dit eta ez dakit zer ariko den pentsatzen nitaz, baina asko kostatzen zait aktibatzea eguneko lehen orduetan. Betiko gosaria eman diot eta pozik geratu da katu gixajoa. Nire aldetik, irratia piztu eta eguna planifikatzen jarri naiz nire baitan, sukaldean kafea hartzen dudan bitartean. Ez dakit, hala ere, zer planifikatu behar dudan, egunak baitira ezer berezirik egiten ez dudala. Lanean 8 ordu igarotzen ditut eta etxean beste hainbeste. Gainerako tartea lo egiteko daukat erreserbaturik. Bide batez, irratian aipatu dute gaur, berriz ere, euria egingo duela, aste osoan zehar bezalaxe. Gauza askorik planifikatu behar ez ditudanez, Niagarako urek goitik behera egiten duten abiadura berean edan dut kafea. Jarraian Lula agurtu, irratia itzali eta lanera bidean jarri naiz.
Etxetik lanera 33 minutu eta 47 segundo ditut, baina gaur komeni zait marka pertsonal hori gainditzea: ahalik eta gutxien bustitzeko, batetik, eta nagusiaren aurpegia ez ikusteko, bestetik. Nire oinak martxa automatikoan ipini eta erritmo onean abiatu naiz.
Ibilbidean zehar, normalean, ez dut gauza askoren inguruan pentsatzen, baina goizetik galduta sentitzen dut burua. Adinaren krisiaren inguruan askotan entzun dut, baina niri kolpe batean iritsi zaidala iruditzen zait. Amak beti esan izan dit berdin duela norekin gauden edo ez, garrantzitsuena norbera bere buruarekin ongi egotea dela. Gainera, nire etorkizun hurbila Lularekin bakarrik ongi ikusten nuen. Ez nuen gehiagorik behar. Oraingoan, ordea, desberdina da. Etxea handia egiten hasi zait, handiegia, eta ez dut aukerarik ikusten hutsune hori betetzeko. Iluna irudikatzen dut bizitokia azkenaldian. Agian horregatik hasi naiz honi bueltaka kalera ateratzean.
Lanera noala beti egiten dut ibilbide berdina. Espaloi berdinetik pasa, errepidea leku beretik gurutzatu… Baldosa berdinak zapaltzen ahalegintzen naiz. Inguru guztia kontrolatzen dut. Gaurko honetan, ordea, inguruko guztia iruditzen zait normalean baino desberdinagoa. Kaleak estuago eta gertuago sentitzen ditut. Gaur, bereziki, inguruan jende gehiago dabilela iruditzen zait. Kopetatik ez dakit izerdia edo euria den erortzen zaidana. Horrela, martxa arindu dut.
Bide osoan zehar etxebizitzen ondotik igarotzen naiz etengabe eta nire alboan paretak besterik ez ditut sentitzen. Halako batean, pareta luze baten albotik pasatzen ari nintzela, korronte hotz bat sentitu dut nire ezkerraldean. Hasiera batean aurrera jarraitu dut, inertziaz, hankak modu automatikotik kendu ditudan arte. Atzera bi pausu eman eta burua ezkerretara biratu dut. Begiak zabalik geratu zaizkit baina, aldi berean, galdera ikur bat agertu zait kopetan. Uste nuen ibilbide osoko elementu guztiak ezagutzen nituela. Tunel ilun bat dut begien aurrean, zeinetan ez den amaierarik ikusten. Aurpegian aire hotza besterik ez dut jasotzen eta horrek barruko tenperaturaren erantzuna ematen dit. Nire inguruan, jendeak, ez dio jaramonik egiten zuloari. Beti egon izan ote da hor? Mikrosegundo batean hitz bat etorri zait burura: LANA. Horrela, begiak bi aldiz kliskatu eta berriz ekin diot martxari. Ez dut denbora gehiago galtzeko aukerarik.
Azkenean 32 minutu eta 52 segundoan gelditu dut eskumuturreko denbora, eta aurpegia kolpez alaitu zait, bederen.
– Zertan zabiltza? Segi komunera ongi lehortzera, gaixotzerik nahi ez baduzu!
Nagusia entzun dut nire atzean. Zentzuzko ezer esateko tarterik hartu gabe, modu instintibo batean, komuneko bidea hartu dut.
Behin lanean jarrita, ordenagailuko pantailatik jaso dut goiz guztian zehar jaso dudan argitasuna bakarra. Lanean ezin izan dut askorik egin, etengabe aritu bainaiz tunelean pentsatzen. Nola ez dut lehenago ikusi? Gainera, lanean aritzea ez da erraza niretzat, etxean bezala, hemen ere, ez baitut norekin hitz egin.
Tunela benetakoa zen edo ez ikusteko, online mapa bilatu dut ordenagailuan eta, kale ikuspegiaren bitartez, zuloa topatu dudan kalera sartu naiz. Bertan ez dago zulorik, pareta besterik ez da ageri. Une batez lasai geratu naiz, guztia nire imajinazioaren parte izan dela pentsatu baitut. Hala ere, kaleko irudia duela bi urtekoa dela agertzen da pantailan, beraz, berriz ere zalantzak sartu zaizkit. Ondoren, herriko albistegietan begiratu dut, agian obra batzuen ondorioz sortutako zulo bat izan delako, baina ez, ez dago obrarik bertan.
– Aizu! Biharko prest izan behar duzu urteko plangintzaren balorazioa eta orain arte ez zaitut ezer egiten ikusi! – Hasi zait bat-batean nagusia oihuka nire atzean.
Sustoa jaso ondoren, erantzun diot burua makurtuz:
– Bai bai, oraintxe jarriko naiz.
Konturatu orduko, eta lanean 8 ordu 6 minutu eta 2 kafe hartzen igaro ondoren, etxera itzultzeko ordua iritsi zait. Kalean ez du euririk ari, baina eguzkiak Estatu Batuetarako bidea hartu du dagoeneko. Hala ere, berdin dio, tunelak bere lekuan jarraituko du.
Tunelera iritsi naizenean parez pare jarri naiz bere aurrean. Berriz ere hotza sentitu dut nire azalean baina, beste aldean, ez da ezer ikusten. Inguruko jendea nire atzetik dabil, lehen bezala, jaramonik egin gabe parean dudanari. Ez dute nirekin txokatzeko asmorik ere erakusten. Berdin zait. Nire unea dela iruditzen zait. Bat-batean, zerbait entzun dudala iruditu zait tunelaren barruan. Begiak itxi ditut orduan, garbiago entzungo dudanaren esperantzarekin. Zerbait sumatu dut baina, oraingoan, ez dut aurretik entzun soinua, nire atzetik baizik.
– Zer ikusten duzu? – Ahots goxo batek.
Nik oraindik begiak ireki gabe, eta erreflexuz, bota dut:
– Iluntasuna, besterik ez.
– Nik bezala orduan.
Une horretan, begiak ireki eta atzera begiratu dut. Segundo batez kostatu zait, baina bere irribarreak txikitako oroitzapenak ekarri dizkit.
– Amets?
– Ez nekien beste inork ere ikusten zuenik tunela!
– Gaur konturatu naiz hemen zegoela. Ikusten dugun bakarrak al gara?
– Ez dut beste inor ezagutzen.
Amets ez da asko aldatu itxuraz egia esan, baina deigarria egin zait bere aurpegia lehen aldiz ikusi dudanean. Bere berri izan nahi nuen eta kafea hartzera gonbidatu dut. Eguna planifikatzea gainbaloratuta dago.
Berarekin pasatako denbora abiadura bizian pasa zait. Asko jota 2 ordu eta 13 minutuz egon gara, baina harrigarria egin zait, hainbeste denboraz elkarrengandik hain urrun egon ondoren hain gertuko sentitu izana. Bere bizitzako pasarteak kontatu dizkit. Nola Alemanian egon izan den urte luzez lanean eta nola, pandemia garaian, etxera itzuli behar izan zuen. Azken urte hauetan hemen dabil lanean, baina ez dago guztiz eroso. Gurasoak hil zitzaizkion eta ez du gertuko beste inor inguruan. Lanean topera dabil eta alokairua ordaintzeko zailtasunak ditu.
– Gainera, azken asteko egunek ez dute laguntzen. Dena oso ilun bezala dago. – Esan du Ametsek gogogabe.
Etxera iristean, Lulak eman dit ongietorria, beti bezala. Dutxa bero bat hartu ondoren ohera sartu naiz, biharko egunerako indarrak hartzeko esperantzaz.
_____________
Ohetik normalean baino 2 minutu lehenago atera naiz oraingoan. Denbora hori probestu dut sukaldeko leihora hurbildu eta berriro ere eguna lainotuta dagoela ikusteko. Behintzat ez du euririk ari. Betiko errutina errepikatu ostean, kalera atera naiz lanera bidean, betiko ibilbidea errespetatuz. Azken egunetako legea jarraiki aterkirik gabe atera naiz etxetik. Faltan bota dut etxe ondoko lehen zebrabidea zeharkatzean sekulako euri-jasa bota duenean. Nire hobe beharrez korrika hasi naiz. Halako batean, berriro ere, aire hotz bat sumatu dut albo batean. Tunela. Nire urratsak gelditu eta berriro jarri naiz parez pare hari begira. Dena ilun jarraituko zuela espero nuen baina, oraingo honetan, zerbait ikusten da fondoan. Txiki-txikia da eta ezin dut asmatu zer den, baina ez dago ilun. Arnasestuka nago eta begiak zabal-zabalik ditut. Badakit ezin dudala denbora gehiagorik galdu, beraz, martxa berrekin eta lanera joan naiz ziztu bizian, nire burua ahalik eta gutxien bustiko den esperantzaz.
Lanean nagoela, Ametsen mezu bat jaso dut mugikorrean. Berak ere zerbait ikusi du tunel barruan. Kasualitate hau aprobetxatu dut beste kafe batera gonbidatzeko bera, lanetik atera ondoren.
Nire konfiantzazko kafetegira joan gara, lanetik oinez 5 minutura dagoen txoko goxora. Bertan eroso sentitzen naiz, beti egoten baikara betikoak kafea hartzen. Hara sartzean, segituan sumatu dut kafe usaina, eta zuzenean joan naiz fondora, nire betiko lekura. Gaurkoan jendez lepo dago.
– Oso bitxia da. Egunetan zehar ez zen ezer ikusten bertan eta, orain, lehen aldiz, zerbait dago bestaldean. – Bota du Ametsek eskuetan kafea duen bitartean.
Berarekin nagoela aurrean pareko bat dudala sentitzen dut. Ematen du gauza berdinak ikusten ditugula (badum pzz) eta horrek lasaitasuna ematen dit. Erraza da berarekin hitz egitea, nahiz eta beti izan naizen hitz gutxikoa.
– Seinale bat izan behar du. Zuk horrelakoetan sinisten duzu? – Galdetu dit halako batean.
– Ba egia esan ez. Nahiko koadrikularra naiz zentzu horretan.
– Ba nik bai. Uste dut horrelakoek zerbait adierazi nahi dutela. Garbi dagoena da, hemen geldirik egonda, ezer ez dela aldatuko; guztiak berdin jarraituko duela.
Ametsek esandakoak barruan zerbait eragin dit, baina ez dakit zer esan nahi duen zehazki. Buruari bueltak ematen jarri naiz, zer esan jakin gabe.
– Bueno, berandutu zaigu. Biharko deskantsatzea joan behar dugu. Kapitalismoak ez du barkatzen eta.
Horrela, kaleko iluntasunean barrena, etxerako bidea hartu dut. Gora begira jarrita, hor dago ilargia, bere osotasunean. Tarte batez hari begira geratu naiz, esna edo ametsetan nagoen jakin gabe.
_____________
Berriz ere ilun hasi du hurrengo egunak. Gainera, kalera ateratzean, soinu asko sentitu dut inguruan. Auto asko dabil eta jendea inoiz baino azkarrago ikusten dut nire ingurutik pasatzen. Beti bezala, euria ari du.
Tunelaren altuerara iristean seko geratu naiz bertara begira. Gizon batek nirekin egin du talka, haserre, baina ez zait berari ezer esateko hitzik atera. Oraingoan zerbait ikusten da zuloaren barrenean. Berdea dela dirudi, belardi bat edo antzeko zerbait dirudiela esango nuke. Ziur nago leku baten itxura duela. Sakelatik mugikorra atera eta argazki bat atera diot Ametsi bidaltzeko
Lanean ezin dut kontzentratu, burua astunegi sentitzen dut. Leihotik kanpora begiratu eta tantak lurrera nola erortzen diren ikusten dut. Oraindik 4 ordu geratzen zaizkit zulo horretatik ateratzeko. Tunela ikustera joan nahi dut, hor baitago, ordenagailuko pantailaz gain, orain arte jaso dudan argitasun bakarra.
– Zer, ba al zatoz garagardo bat hartzera? – Galdetu dit nagusiak lanordua amaitzean.
Ezin izan diot baietz esan. Agurtu besterik ez dut egin. Barrutik atera zaidan erreakzioa izan da, bat-batekoa. Nire barrenak badaki beste bide bat hartu nahi dudala. Horrela, etxera bidean jarri naiz.
Enegarrenez, tunelaren parera iristen ari naizela, bertan ikusi dut Amets. Geldirik dago, gorputza tunelera zuzendua duelarik. Irribarretxo txiki bat atera zait. Niregana biratu du burua hurbil sentitu didanean, eta beste irribarre konplize batekin erantzun dit. Bere ondoan jarri naiz, gorputza tunelera begira jarriz. Dena berde dago barruan eta eguzkitsu ikusten da bere ingurua.
– Joango al gara barrura? – Galdetu dit Ametsek.
Begietara begiratu diot, eskutik heldu eta, irribarre batekin ahoan, tunelera sartu gara biok elkarrekin.
