Negar malko bat begietan dudala esnatu naiz. Zalantza izan dut atzo erre nuen aspaldiko belar kanuto onenagatik edo jada ostirala delako izan den baina, keba, aitarengatik izan da, beste behin ere. Eskuarekin begiak lehortu, ordularia begiratu eta ohetik ateratzeko esfortzua egin dut.
Zaila izaten da ohetik jaikitzea egunean ezer berezirik egiteko motibaziorik ez duzunean, baina, eguneroko errutina bilakatu denez niretzat, trukotxoak ditut. Zeintzuk? Bada, epe oso laburreko itoak ipintzen dizkiot nire buruari. Adibidez, orain, nire buruari esan diot atzo erositako belarraren kanutazoa erreko dudala, eguna ongi hasteko. Plazer horren pentsamendua edukita buruan, salto batez ohetik atera eta papera liatzen jarri naiz. Gosaldu aurretik egin daitekeen gauzarik onenak birikak ireki eta burua garbitzea da. Ostean, sukaldera abiatu naiz gosea arintzera.
– Zer egiteko asmoa duzu gaur Lur? –galdetu dit amak serio.
– Izarrekin geratu naiz tabernan –erantzun diot begiak katilura zuzenduta ditudalarik.
– Beti zabiltza berdin. Ez al zara lana bilatzen jarriko? Dirua egiten hasi behar duzu.
Ama baten betiko diskurtsoak. Egunero dabil berdin, baina onena arrazoia ematea da.
– Bai, hurrengo astean hasiko naiz. Utzi asteburuaz gozatzen orain.
– Zerbait egiten hasi behar duzu, ez dituzu 20 urte.
– 26 ditut.
– Ba hori, bada garaia zure bizitzarekin zerbait egiten hasteko.
– Baietz ama. Hurrengo astean hasiko naiz. Utzi bakean gosaltzen.
Zerealak jan bitartean mugikorra begiratzen aritu naiz. Scroll amaigabearen sindromeak harrapatzen nau, baina amaren betiko pelmada entzutea baino hobeto da. Orduan bota du.
– Gaur aitaren urtebetetzea izango zatekeen. Oroitzen duzu, ezta?
Nire barrenak bat-batean egin du behera. Ezer erantzun aurretik, gosariaren katilua harraskan utzi eta gelara abiatu naiz zuzenean, bakarrik egotera. Bertako apalategi nagusian nire aitaren argazki bat dut eta hari begira jarri naiz. Bertan ni azaltzen naiz bere ondoan, 10 urte inguru nituela. Mendian gaude, askotan egon izaten ginen bezala, Pirinioetan agian, eta irribarretsu ikusten zaigu. Irteera asko egiten genituen elkarrekin; asko gogoko genuen. Bera betidanik izan zen mendizalea eta oso ongi transmititu zidan afizioa. Ia egunero joaten ginen elkarrekin inguruko mendietara eta, udaran, urrutirago joateko tartea hartzen genuen. Argazki hau bidaia horietako batekoa izango da. Ama ez da inoiz batere kirolzalea izan baina, batzuetan, gurekin batera etortzen zen, hala ere, ez zuen gure erritmoa jarraitzen.
Aitaren heriotza ostetik, nahiago izaten dut etxetik kanpo ahalik eta denbora gehien igaro, amarekin etxean bakarrik geratu ordez. Asko kostatzen zait amarekin bakarrik egotea espazio berdinean, beti saiatzen delako bere diskurtsoekin nire bizitzan berak nahi duena egitera bultzatzen. Beti esaten dit bizitzan zerbait egiten hasteko, baina bera zertan ari da? Nik garbi dut nire lagunekin egoten jarraituko dudala. Arropa jantzi ostean, amari agurtu gabe kalerako bidea hartu dut.
Gogoko izaten dut asteguna izanda goizetan kaletik ibiltzea, jendea beste erritmo batean mugitzen baita. Eguna gainera eguzkitsu dago, eta horrek asko animatzen nau beste kanuto bat erretzen hasteko.
Izar da nire lagunik onena eta, normalean, goizero elkartzen gara auzoko betiko tabernan. Gainontzeko lagunak ikasten edo lanean dabiltza, beraz, ez dute gurekin batera geratzeko aukerarik izaten. Izar da nire lagunik fidelena, txikitatik ezagutzen dugu elkar, haur eskolatik. Elkarrekin egin dugu ikas ibilbide guztia, bigarren hezkuntza amaitu arte, eta inoiz izan ez dudan nire anaia bezala izan da. Ondoren, Lanbide Heziketan, bakoitzak bere bidea hartu zuen. Berari beti gustatu izan zaizkio kotxeak edo motor mundua. Horri tiraka, beti izan du buruan bere tailerra irekitzearena eta horretarako ikasi du. Orain langabezian dago baina, orain arte, tailer batean egon izan da lanean. Bere asmoa lanean berriz lehenbailehen hastea da, dirua aurreztu eta bere tailerra irekitzeko.
Nik, aldiz, bide desberdinak hartu izan ditut orain arte eta batetik bestera aritu naiz. Kirol monitore izateko asmoz hasi nintzen ikasten, baina ez nion etorkizunik ikusten eta lehen urtean utzi nuen. Ondoren, informatikarekin lotutako zerbait ikasteko asmoz, web garapena ikasi eta, dena gainditu ondoren, amaitu nuen, baina aitak behartuta. Ez zitzaidan asko gustatu. Amaitzeko, administrazioarekin lotutako ikasketak burutu nituen, lan-aukera gehiago izango nituen esperantzaz, baina oso aspergarria ikusten dut lanbidea eta ez nau horrekin lotutako lanik bilatzea motibatzen.
Tabernara iristen ari naizela hortxe ikusi dut Izar terrazan, eguzkipean. Berak normalean beti hartzen du kafesnea. Nik aldiz, nahiago izaten dut hutsa, energia behar izaten baitut egunari aurre egiteko. Ostiralero bezala, taberna betiko jubilatuez dago beteta.
– Tailer batean hartu naute, hurrengo astean hasiko naiz lanean –bota du Izarrek halako batean.
– Joder, pozten naiz –erantzun diot petardoa erretzen ari naizela.
– Bai, jardunaldi osoan egongo naiz gainera. Ea dirua egiten dudan, nire tailerra irekitzeko oraindik pixka bat gehiago aurreztu behar dut eta.
– Bai –erantzun diot ahotik kea botatzen dudan bitartean.
– Zer, ez zara nitaz pozten? –galdetu dit serio.
– Zer diozu? Bai, noski –erantzun diot harridura eta haserre puntu batekin.
– Ba ez dirudi. Zuk ere zerbait bilatu beharko zenuke, ezin duzu ezer egin gabe egon. Beti zabiltza batetik bestera, ez duzu inoiz etorkizunean pentsatzen, matxo.
Erantzun horrek, nahiz eta hasieran hala ez sentitu, min eman dit.
– Zer, nire ama bezala hasi behar duzu? Horretarako bera daukat. Ez dut bitan berdina entzun beharrik.
Eserita nagoela, Izarri begietara zuzen begiratuz eta eskuin eskuko behatzetan kanutoa eutsiz, ezker belauna gora eta behera mugitzen hasi zait tik baten moduan, abiadura bizian. Bihotzaren abiadura ere azkartzen hasi zait.
– Zerbait egiten hasi beharko zenuke.
– Utzi bakean, nik oso garbi dut zer egin nahi dudan nire bizitzarekin –erantzun diot irmotasunez.
Kanutoa lurrera bota, oinetakoaren zolarekin itzali eta alde egin dut, Izarri ezer gehiagorik esan gabe.
Martxa automatikoa jarrita, aurrera jarraitu dut eskuak poltsikoan ditudala, noraezean. Jendea nire ingurutik pasatzen sentitzen dut, baina ez ditut ikusten, itzalak dirudite. Denak nire kontra datozela dirudi, baina ez dute nirekin talkarik egiten. Albotik pasatzen direnean euren buruak niregana zuzentzen dituzte, eta horrek nire abiadura handitzea eragiten du. Kopetatik izerdia erortzen hasi zaidala sentitzen dut. Halako batean, pareta bat topatu dut nire parean, pareta ilun bat. Orain ez dut inor inguruan, pareta bat besterik ez. Nire eskuinera begiratu eta hor ere pareta bat dut. Ezkerretara begiratu eta beste pareta bat. Nire atzera begiratu eta pasillo luze bat ikusten da, kale luze itxi bat, baina jada ez dago inor. Korrika hasi naiz hortik ahalik eta azkarren ateratzeko asmoz. Bat-batean, nire begietan, sekulako argi distira sentitu dut eta begiak itxi behar izan ditut, itsu ez geratzeko. Begiak zabaltzeko aukera topatu dudanean hortxe ikusi dut nire etxea parean. Jendea ere inguruan dago. Dena normaltasunera itzuli dela ematen du. Arnasaren erritmoa kontrolatu dudanean, etxera sartzea erabaki dut.
Zuzenean nire gelara sartu naiz, ez dut amarekin ezertaz hitz egiteko gogorik. Bertan, ohean bota eta sabaira begira jarri naiz, eskuak sabelean eta begiak zabal-zabalik ditudala. Zertan ari naiz nire bizitzarekin? Zergatik nago horrela? Nire inguru guztia dut zerbait egiten eta ni hemen nago, harrapaturik. Bizitza ez al zen disfrutatzea? Zergatik lotu lan batera? Edo bizitza batera? Non geratzen da askatasuna? Nahi duguna egiteko askatasuna?
Erantzunik gabeko galderak.
Negarrez hasi naiz bat-batean, begiak itxita. Agian hori da erantzuna.
Une horretan, aire hotz bat sentitu dut alboan, gelara norbait sartu izan balitz bezala. Begiak zabaldu ditut baina ez dago inor. Begiak berriz ixtean, oraingoan ere sentitu dut aire hotza eta, une horretan, zerbait lurrera erori eta kristal hautsiaren hotsa entzun da. Susto batez jaiki naiz ohetik zer gertatu den begiratzeko, eta orduan ikusi dut koadro bat lurrean. Eskuetan hartu eta aitaren argazkia da. Negar malko bat jausi zait begitik, baina zerbait aktibatu zait barrenean. Aspaldi ez naizela mendira joan, agian orain da momentua, aitarekin egiten nuen bezala. Gelako ordularia begiratu eta oraindik eguerdia dela ikusi dut. Denbora soberan daukat kotxea hartu eta etxe ondoko mendira joateko, ez dut uste arazorik izango dudanik bidea topatu eta hura jarraitzeko.
Arropa aldatu, nire motxila txikia hartu, betiko galletak eta platanoa sartu eta gelatik atera naiz. Sukaldean dago ama, bazkaria prestatzen. Atea itxi dudanean burua niregana zuzendu du.
– Nora zoaz?
– Mendira, paseo bat ematera.
– Orain? Biontzat prestatu dut bazkaria.
– Bai lasai –eta ezer gehiago gehitu gabe etxetik atera naiz.
Kotxez 10 minututan iritsi naiz parkingera eta zortea izan dut, hutsik baitago, ostirala izatearen abantailak. Mendiko ibilbidearen informazio panela ikusi dut urrutian, baina bah! Ez dut behar. Martxan jarri naiz.
Ibilbidearen lehen zatia erraz egin dut. Txoriak kantari entzuten dira inguruan, hori da isiltasuna hausten duen soinu bakarra. Ez nintzen oroitzen zein atsegina zen sentsazio hori edukitzea. Txikitako oroitzapenak etorri zaizkit bat-batean. Behin lurrera erori eta belauna urratu nuela oroitu dut, eta nola aitak bizkarrean hartu eta kotxera eraman ninduen. Horrelakoa zen bera; asko zaintzen ninduen. Ez dakit nik berak ni bezainbeste zaindu nuen minbiziak jota gaixotu zenean.
Naturarekin harremana izaten erakutsi zidan ere, ingurumena babesteak duen garrantziaz ohartarazten zidan beti. Edozein ibilbidetan ginela beti aipatzen zidan begiak bideak eskainitako xehetasunetan finkatzeko. Zuhaitzak, landareak, harriak… lagungarriak izaten dira bidexkak jarraitzeko. Oroitzen dut, mendi honetan, bazela zuhaitz bat bide zuzena zein zen adierazten zuena, aitak beti aipatzen zuen berdina. Horrela, justu, bidegurutze batera iritsi naiz. Ezkerreko bidean zuhaitz bat dago eta hori seinale bezala hartu dut norabide hori hartzeko.
Aurrera jarraituta, ingurua ixten doala nabaritu dut, landareek bidea jango balute bezala. Aitak zuhaitza jarraitzeko esaten zuen, ez zegoen galtzekorik. Egia esan, ingurura begiratuta, dena ezaguna egiten zait, ez dakit zergatik, hemendik jada pasa izan banintz bezala. Aurrera jarraitu dut hala ere.
Nekatzen hasi naiz, denbora pasa da eta eguzkia azkar mugitzen ari dela sentitzen dut. Normalean ez dut ordularirik eramaten eskumuturrean, baina aspalditik noa noraezean. Leku beretik behin baino gehiagotan igaro izanaren irudipena dut. Nire bizitzan zehar, mendira joan izan naizenean, beti izan dut norbait alboan, baina ez nuen uste horren zaila izango zenik nire kabuz aritzea.
Hemendik zela esan zidan, ziur nago. Aurreko zuhaitza gurutzatu eta, ondoren, aurrera jarraitu. Ez zegoen galtzekorik, baina noraezean nabil. Dena da berdina inguruan: koloreak, usaina, sentsazioa… Halako batean, zerbait entzun dut inguruan, urrats batzuk dirudite. Geroz eta hurbilago daude eta ni geldirik geratu naiz, zutik, arnasa mantendu nahian.
– Zertan zabiltza? Hemen ez da biderik –entzun dut zuhaitz artetik.
– Galdu egin naiz noraezean –bota dut modu instintiboan.
Ez dut gizonaren aurpegia ikusteko astirik izan, baina ezaguna egin zait.
– Hobe duzu etxera itzuli, bertan seguru izango zara –esan dit.
– Baina nik aurrera jarraitu nahi dut, txikitan hemendik ibiltzen nintzen. Ezagutzen dut ingurua.
Une batez isilik geratu naiz, buruari mila buelta emanda.
Azkenean, atsekabeturik eta erdi negarrez, bota diot.
– Laguntza behar dut.
Orduan, aita ikusi dut niregana hurbiltzen. Eskutik elkar hartu eta etxera bidean jarri gara, elkarrekin.
