Aska arimak

Egun eguzkitsuak aprobetxatzea plan paregabea izaten da jende normalarentzat, lagunekin geratzeko denbora amaigabea izaten delako. Institutuko erritmotik deskonektatu eta ikaskideekin hondartzara joan edota mendira egun-pasa bat egitea ondo egon daiteke, baina nik nahiago izaten dut institutuko errutinan murgildurik mantendu. Modu honetan, zerbaitetan aritzeko aukera izaten dut behintzat etxean; udaran, aldiz, gelakide guztiak gurasoekin kanpora doaz edota elkarren artean planak egiten dituzte. Ni, nola ez, plan horietatik kanpo geratzen naiz beti.

Ikasturtean zehar, gelan, Zuhaitz izaten dut lagun, elkarren ondoan esertzen baikara ikasgelan. Ez dugu askorik hitz egiten elkarren artean, baina uste dut eroso sentitzen naizela berarekin, baita bera nirekin ere. Jolasgaraian, patioan, elkarrekin egoten gara beste guztiak futbolean edota pilotan aritzen diren bitartean; niri ez zait batere gustatzen hori. Ikaskideak beste mundu batekoak balira bezala ikusten ditut, eta ez dut beraien zirkulu berean sartzeko gogorik izaten. Egoera hau ikasgelan ere errepikatzen da, izan ere, lanak beti egiten ditut Zuhaitzekin batera. Udan, ordea, Zuhaitz gurasoekin joaten da kanpora, aitaren gurasoak galiziarrak baitira, eta bertan igarotzen du uda osoa. Ondorioz, ez dut planik izaten normalean oporretan.

Ohean nagoela, eta begiak zabaltzen hasi naizela, eguzki izpiek aditzera ematen didate berriz ere eguraldi ona izango dugula gaurkoan. Egun paregabea planak egiteko, baina ez nire kasuan. Nahiago nuke egunero euria egingo balu, horrela, behintzat, etxean lasai geratzeko eskusa ezin hobea izango nuke. Motibazio eskas horrekin, ohetik ateratzeko ahalegina egin eta eserita geratu naiz ohe gainean, ukondoak belaun gainean jarriz eta eskuak elkarri besarkatuz. Hasperen egitea besterik ez zait atera egoera horretan, “beste egun bat gehiago” pentsatuz nire barrenean. Luzeak egin zaizkidan bost segundoak igaro ostean, zutik jarri eta pertsiana igo dut. Dudarik gabe, gaurkoa ere, egun eguzkitsua izango da.

Gelatik atera eta sukalderako bidea hartu dut, gosaltzera joateko. Ibilbidea erraza da: gelatik ateratzean ezkerretara biratu, aurrera egin, komuna pasa, gela pribatua pasa, eskuinera biratu, eskailerak jaitsi eta ezkerretara sartu. Begiak itxita ere egingo nuke. Prozesu algoritmiko hau abiatu dudala, soinu bat entzun dut gela pribatuaren parera iritsi naizenean. Bihotza azkartu zait bertatik pasa eta barruan kolpe moduko bat entzun dudan unean. Zerbait erori dela ematen du. Seko geratu naiz ateari parez pare begiratuz, eta belarria atera hurbiltzea okurritu zait, barruan zerbait dagoen edo ez konfirmatzeko asmoz. Ez dut ezer gehiagorik entzun bestaldean eta ez dakit horrek lasaitu edo urduriago jarri nauen.

Gela pribatua ezagutu ez nuen nire aitonaren gela izan zen, bera hil zenean ni jaio bainintzen. Heriotza kolpe gogorra izan zen nire amarentzat. Nik ez dut inoiz aukerarik izan bertara sartzeko, baina aitak esan izan nauenagatik amak gela ixtea erabaki zuen heriotza ondoren. Ematen du dena lehen zegoen bezala mantendu nahi zuela. Giltzaz itxi eta giltza errekara bota zuen, gelara berriz sartzeko tentaziorik nahi ez zuela argudiaturik. Horrezkero, hamalau urte pasa dira eta nik beti ezagutu izan dut horrela gela hori. Ez dut inoiz bertara sartzeko aukerarik izan, nahiz eta amari askotan erregutu izan diodan. Tentazioa eduki izan dut askotan zirrikitutik klip bat sartu eta atea irekitzeko, baina ez dut inoiz lortu izan. Asumitu dut ez dudala inoiz gela ezagutzeko aukerarik izango, eta horregatik normala da niretzat gela itxita topatzea. Gela barruan ezer ez dagoela ondorioztatuz, sukalderako bidea berrekin dut.

Ama bertan dago gosaltzen, irratia entzuten duen bitartean. Aita, berriz, egunkaria irakurtzen ari da zutik, leiho ondoan. Ni sartzean, aldi berean biratu dira niregana.

– Egun on, maitea, prest utzi dizkizut tostadak mahai gainean –esan dit amak.

– Egun on –bota diot munduko esfortzu handiena eginez. Goizetan zonbi itxura izaten dut eta ez zait inorekin hitz egitea gustatzen. Mahaian bakean egotea nahiago dut, lasai gosaltzen, beste distrakziorik gabe. Nahikoa dut eguna pasatzeko motibazioa bilatzearekin. Bitartean, katilua esnez bete eta mikrouhin labean sartu dut.

– Gaur eguraldi ona egingo du –esan du aitak egunkariko eguraldi iragarle lanak eginez.

– Aprobetxatu eguna, ongi etorriko zaizu burua garbitzeko –jarraitu dio amak azken tostada zatia ahoan sartzen duela.

Ni bitartean, esne katilua nola berotzen ari den begira nago.

Gosaria prest dudala, amaren parean eseri naiz eta mahaian dauden tostadak txokolate kremarekin igurtzi ditut. Gorputzari eman dakioken drogarik onena goizeko lehen orduetan. Bitartean, ama bere tokitik altxa da gosaria harraskan uzteko.

– Zergatik ez zara Haizearekin geratzen? Jatorra dirudi eta hemen ondoan bizi da –galdetu dit amak katilua garbitzen ari dela.

“Ez dut inoiz berarekin hitz egin eta orain nirekin geratu nahi duen galdetuko diot, noski” pentsatu dut. Baina hori bota beharrean, esan diot:

– Ikusiko dut –erantzun neutro eta azkarra. Ez dit gehiago molestatuko oraingoz.

Gosaria amaitu ondoren, berriz hartu dut gelarako bidea. Tartean, aitonaren gelaren parean geratu naiz eta belarria itsatsi dut berriz ere atean. Zerbait entzuteko esperantza piztu zait, baina minutu batez posizio horretan egon ondoren, ez dut ezertxo ere sumatu. Burumakur nire gelara sartu naiz.

Horrelako egunak ahalik eta azkarren pasatzeko, bideo-jokoak nire aliatu fidelenak dira. Gauzak honela, nire gelako aulkian eseri, ordenagailuko pantaila piztu eta partida batzuk jolasten jarri naiz. Hemen bai topatzen ditudala lagunak. Elkarren aurka arituz, toki desberdinetako jendea ezagutzen dut eta dibertigarria da. Trukoak ikasi, hobekuntzak gehitu… mila gauza ikasten dut besteekin txateatuz. Hemen, behintzat, inork ez nau epaitzen eta beste bat gehiago bezala aritu naiteke inori baimenik eskatu behar izan gabe. Jokatu nahi dudala? Jokatzen dut. Amaitu nahi dudala? Amaitzen dut. Nik kontrolatzen dut uneoro zer nahi dudan. Zertarako joan Haizearen etxera nirekin kalera atera nahi duen galdetzeko? Hemen dut nik nahi duan txokoa.

Partidaren erdian nagoela komunera joan naiz. Une hau aprobetxatzen dut hankak luzatu eta, bide batez, pisa egiteko. Horrela, pisa egiten jarri naizela, kolpe txiki bat entzun dut. Soinua aitonaren gelatik etorri dela iruditu zait eta, une batez, isilik geratu naiz. Behin nire maskuria hustuta, eta soinua berriz errepikatzen ez dela ikusirik, nire gelarako bidea hartu dut. Une horretan, beste kolpe bat entzun dut alboko gelan. Geldi geratu naiz pasilloan eta atzera begiratu dut, erdi beldurturik, aitonaren gelaren norabidera. Ateak itxita jarraitzen du, beti bezala, baina jada ez da betiko gela itxia edo, nire pertzepzioa, behintzat, aldatu egin da zeharo. Berriz errepikatu da kolpetxoa gela barruan. Aho zabalik geratu naiz pasillo erdian. Nire kuriositateak bultzatuta, gela pribatura bideratu naiz, zerbait egon behar du bertan! Belarria ipini dut atearen gainean. Ez da ezer entzuten. Eskua eskulekuan ipini dut orduan eta atea zabaltzen ahalegindu naiz, baina itxita dago, noski. Aita sukaldetik atera da orduan, egongelara bidean zihoala, eta ate parean ikusi nau.

– Zertan ari zara hor? –galdetu dit.

– Soinu bat entzun dut barruan, zerbait erori dela dirudi –erantzun diot.

– Badakizu gela hutsik dagoela eta ezin duzula sartu. Soinua beste nonbaitetik etorriko zen. Bide batez, nahi duzu nirekin paseo bat ematera joan?

– Ez, beste plan batzuk ditut –bota dut azkar batean eta gelara bidean jarri naiz berriz ere.

Bideo-jokoan kontzentratzen ahalegindu naiz, baina ezinezkoa zait, aitonaren gela dut buruan. Zerbait dago barruan, ziur nago, baina zer izan daiteke? Atea itxita dago eta ezerk ezin du bertara sartu. Orduan, norbait egongo al da barruan? Ez da posible. Hamalau urtez egon da itxita, ezinezkoa da inor hainbeste denboraz entzerratuta egotea leku itxi batean.

Tentazioa berriz itzuli zait bat-batean, eta gelatik atera naiz. Atera bezain pronto geldi geratu naiz pasilloan, ahozabalik. Ez da posible. Aitonaren gelako atea erdi zabalik dago. Oihuka hasteko gogoa sentitu dut, baina ezin izan dut soinurik atera, paralizaturik nago. Halako batean, nire oinek bere martxa hartu eta atera bidean jarri dira. “Zertan nabil?” bota diot nire buruari, baina jakin-minaren boterea beste edozerena baino handiagoa da.

Ate parera iristean, eskua eskutokira zuzendu dut eta orduan konturatu naiz dardarka nagoela. Ez nago seguru zertan ari naizen, baina nire gorputzak atea ireki nahi duela dirudi, ez doa nire buruaren aginduekin batera. Atea zabaltzen hasi naiz, pixkanaka, eta barruko aire itxia nire aurpegian sentitzen hasi naiz. Begiak itxi ditut orduan, ezer ikusi nahiko ez banu bezala. Atea guztiz zabaltzean, begiak ireki eta gelara sartu naiz, atea nire atzean itxiz.

Gela txikia da. Parean leiho txiki bat dago eta baita mahai bat ere, liburu batzuekin. Eskuinean ohe indibidual bat dago paretaren kontra pegaturik eta, ezkerrean, armairu bat. Nabaritzen da gela denbora luzez egon dela itxita. Nire lehen instintua leihoa irekitzearena izan da, eta gela zeharkatu dut horretarako. Irekitzeko lehen ahalegina egin baino segundo bat lehenago ahots bat entzun dut nire atzean.

– Ez ireki, horrela ondo dago.

Bihotza momentu batez azkartu egin zait, bakarrik nengoela uste nuen. Une horretan, burua biratu dut, ahotsa nondik datorren ikusteko, baina ez dago inor. Badaezpada, ahotsaren eskaera onartu eta ez dut leihoa ireki.

– Ibai zara? –galdetu du orduan ahotsak.

Zer esan jakin gabe, isilik geratu naiz. Txoko guztietara begiratzen jarri naiz, baina bakarrik nago.

– Ibai zara? –galdetu du berriz ere ahotsak.

– Bai –erantzun dut zalantzati eta beldurturik.

– Josu naiz, zure aitona. Asko aldatu zara azkenekoz ikusi zintudanetik.

Zer erantzun jakin gabe geratu naiz. Ametsetan ari naizela sinistu nahi izan dut, baina ez dut lortu.

– Urteak pasa dira ni hil nintzenetik, baina nire arima beti geratu izan da hemen barruan horrezkero. Zure amak asko maite ninduen eta uste zuen horrela betirako egongo nintzela zuekin batera –kontatu dit orduan ahotsak.

– Zure arima?

– Bai, ni hilik nago, baina arimak bizirik jarraitzen du. Nire bizi erdia gela honetan pasa nuen, etxetik atera gabe.

– Eta nola pasatzen duzu denbora?

– Oso luze egiten da. Pentsa, hamalau urte oso daramatzat gelatik atera ere egin gabe. Hala ere, ohitu egin naiz, hil aurretik ere horrela bizi bainintzen.

Nire barruan deserosotasun bat sentitu dut bat-batean.

– Bizitza aprobetxatu behar duzu Ibai. Orain ahal duzula zure arima askatu, bestela galdu egingo duzu betirako, nik bezala.

Aitonarengatik pena sentitu dut une batez, bizi osoa gelan itxita eman baitu. Ez nuen bera ezagutzeko aukerarik izan, baina berak esandakoa zerbait eragin dit barrenean. Tristea izan behar du horrela bizi osoa ematea, gelan itxita. Ni eroso sentitzen naiz etxean, nire mundu propioan. Ez da molestia izaten niretzat, baina ez nuke nahi horrela egon bizi osoan zehar. Edo bai, ez dakit.

– Kalean dago benetako mundua. Benetako jendea bertan dago. Ez galdu denborarik. Ez zenuke nik bezala amaitu nahiko, arima galduarekin –jarraitu du aitonaren off ahotsak.

– Lagundu zaitzaket, leihoa zabalduko dizut. Izan zaitez libre –esan diot ilusioz.

– Berandu da, zaharregia naiz dagoeneko. Zuk oraindik bizi osoa duzu aurretik, ez galdu aukerarik.

Une batez, ohe gainean jarri naiz, pentsakor, aitonaren ahotsak esandako guztia buruan errepikatuz. Orduan garbi ikusi dut nire buruan.

Aitonaren gelatik nire gelara abiatu naiz. Kaleko arropa jantzi, oinetakoak ipini eta gelatik atera naiz, egongelara bidean. Aita topatu dut hor.

– Paseo bat ematera joan nahi duzu nirekin?