Trenak hartzeko daude

Goizeroko paseoa emateko gogoz jaiki naiz gaurkoan, eta eguzkia lagun izango dudala dirudi gainera. Irratia piztu eta gosaria prestatzen jarri naiz. Motibaturik esnatzen naizenean arrautza frijituak hirugiharrak eta saltxitxa pare batekin gosaldu izaten dut; bizitzako plazer txikiak. Orain, gainera, denbora soberan dut eta une hauek baliatzen ahalegintzen naiz nire barrenak asetzeko, zentzu guztietan. Beste bigarren plazera katuari goizeroko goxokiak ematea da. Zorionekoa Txuri ni alboan izateaz. Hiru urte daramatzat lanik gabe eta denbora beste modu batean aprobetxatzea gustatzen zait.

Nire lanpostua ez zen beste munduko ezer, baina nire beharrak asetzen zituen. Paper-fabrika txiki batean egiten nuen lan, biltegian produktuak antolatu eta banaketetarako prestatuz. Lana asko gustatzen zitzaidan baina, onena, bertako lankideen artean genuen harremana zen. Familia moduko bat ginen, bere zentzurik zabalenean. Oso ondo moldatzen ginen, nahiz eta elkarren artean eztabaida asko ere izaten genituen. Hala ere, hori uste dut izan zela, hain zuzen ere, gure arteko harremana horren estua izatearen arrazoia.

Tamalez, enpresaren bideragarritasuna kolokan zegoen eta ezin izan zitzaion egoera ekonomiko kaxkarrari bueltarik eman. Ondorioz, kaleratze masiboak egon ziren eta gure taldeko ia guztioi eragin zigun. Ni ere kaleratua izan nintzen.

Garai horretan nire emaztea zenak ere gure arteko dibortzioa eskatu zuen. Adinaren krisia dena batean. Egia esan, gure harremanak urteak zeramatzan bizirauten eta denbora kontua zen horrelako zerbait gertatzea. Nire inguruan eduki izan ditudan beste dibortzio prozesuak ikusita, konplikatuena beti izaten da seme-alabekin akordio batera iristearena. Guk, zorionez, ez dugu horrelako ezer pasa behar izan. Guraso ez izatearen alde on bat behintzat. Hori bai, katuaren kustodia nik hartu nuen. Eskerrak.

Gosari prestatzen ari naizela, irratian elkarrizketa bat emititzen ari dira. Kirolari bat entzuten da bere esperientzia partekatzen. Kontatzen duenez, eski alpinoa egiten du eta zailtasunak eduki izan ditu beti ganoraz entrenatzeko. Bera gipuzkoarra izanda Pirinioetara joan behar izaten zuen, baina bertako instalakuntzak, Europako beste batzuekin alderatuz, mugatuak ziren. Zorionez, entrenatzaile italiar batek kontaktatu zuen 18 urte bete berri zituenean, etorkizuna izan zezakeela uste baitzuen, eta eskaintza onartu zuen. Hemengo bizitza utzi eta bertara joan zen berari gehien gustatzen zitzaion kirolaz bizi ahal izateko esperantzarekin. “Tren hau hartu behar nuela sentitzen nuen” aipatu izan du elkarrizketan behin eta berriz. Bere emaitzak ikusita, apustua ongi atera zaiola ikusten da: 4 munduko txapelketa, 2 olinpiar joko eta 3 munduko kopa irabazi ditu. Lorpen izugarriak elur tradizio gutxi duen lurralde batekoa izateko. “Inoiz ez da jakiten nola joango diren gauzak, baina apustua ongi atera zitzaidan”. Joe, zorionekoa bera.

Behin gosaria amaituta, dutxa azkar bat hartu, arropa jantzi, musika entzuteko kaskoak ipini, Txuri agurtu eta kalera irten naiz paseoa ematera, SU TA GARen erritmoan.

Normalean, etxetik gertu dudan parkera joan izaten naiz buelta bat ematera, eta ordu bete inguruko itzulia ematen dut. Ongi etortzen zait hankak luzatzeko. Goizetan, gainera, nahiko lasai egoten da ingurua eta momentu hauengatik bakarrik eskertzen dut langabezian egotea.

Buruari bueltak emateko ere baliatzen ditut paseoak. Gaurkoan lanari buruzko gogoetak bakarrik etortzen zaizkit burura. Langabezian nagoenetik, ingurukoek beti animatzen didate zerbait topatuko dudala esanez, baina ez da erraza. Adin batetik aurrera zaila izaten da lan egoki bat topatzea. Eskaintza desberdinak jaso izan ditut, eta elkarrizketetarako ere deitu izan naute, baina ez dut nire burua lanean ikusten. Edo hobe esanda, lehengo lanaren nostalgiak,oraindik ere, gainditzen nau. Lana nire kontu egitearena ere eduki izan dut buruan, baina zertan egin dezaket lan? Ingurura begiratzen jarri naiz paseoko nire erritmoa mantenduz. Txoriak ikusten dira hegan batetik bestera; zuhaitzak haizearen erritmoan ari dira dantzan eta eguzkia bere puntu altuenaren bidean doa.

Txikitako oroitzapenak etorri zaizkit. Txoriak izugarri gogoko nituen eta etxetik etengabe egiten nuen alde gurasoek oparitutako prismatikoekin. Parkera joan eta ezkutuan jartzen nintzen txoriak ikustera. Zelatari bezala sentitzen nintzen txorien mugimendu guztiak jarraitu nahi nituelako eta, hori guztia, ikusia izan gabe.

Adinez nagusiagoa nintzenean argazki kamera moderno bat erosi nuen. Horrek aukera ematen zizkidan aldi berean bi gauza egiteko: Txoriak gertutik ikusi kameraren zooma baliatuta eta, bestetik, une horiek argazki batean gordetzekoa. Argazkilaritzarena nire gaztetako pasioa bihurtu zen urte dezentez baina, lanean hasi nintzenean, albo batera utzi nuen afizio hori. Gauza dexente ikasi nituen urte guzti horietan, asko ikertu bainuen argazkilaritza teknikan.

Halako batean, nire pentsamenduetan sartuta nengoelarik, ahots ezagun bat entzun dut atzean.

-Amets! Aspaldiko!

Kaskoak belarrietatik kendu, atzera begiratu eta hor topatu dut kirol arroparekin, korrika.

-Alaitz! Ze sorpresa! -erantzun diot besarkada handi bat emanez.

-Zertan zabiltza, paseoan? -galdetu dit Alaitzek.

-Bai. Goizero etortzen naiz hona buelta bat ematera. Kirol pixka bat egin behar da, adinak ez du barkatzen eta -erantzun diot erdi barrezka.

-Bai ni ere korrika egitera etortzen naiz maiz, beno ikusten nauzu -bota du arnas-estuka eta izerditan blai-. Zer moduz zabiltza?

-Ba langabezian jarraitzen dut, baina dena ongi bestela.

-Bueno, nahi baduzu kafe bat hartu dezakegu gero. Kamilan izango naiz indarrak berritzen -proposatu dit.

-Ados, primeran!

-Oraintxe arte orduan -bota du begi batekin keinu eginez eta bere martxa jarraituz-. Barkatu, ezin dut erritmoa galdu eta -jarraitu du bere eskumuturrekoa seinalatuz.

Alaitz nire lankide onenetako bat izan zen paper-fabrikan eta aspaldi ez genuela elkar ikusten. Saltseroa zen lanean, baina zentzu onean. Beti zuen esateko zerbait, baina edozertan laguntzeko prest zegoen beti. Asko lagundu izan zidan eta poztu naiz bera berriz ikusteaz. Poz honen ondoren, nire ibilbidea jarraitu dut.

_____________

Parketik atera ostean Kamila tabernako bidea hartu dut eta hortxe aurkitu dut Alaitz terrazan, egunkaria irakurtzen.

-Zer diote albisteek? -galdetu diot inongo erantzunik jaso nahi izan gabe.

-Bihar euria egingo duela -erantzun dit erdi atsekabeturik. Faltan botatzen nituen bere ironiak.

Kafe batera gonbidatu nahi izan dut orduan, baina ezinezkoa egin zait. “Langabe zaude, utzi niri”, eta aulkian eserarazi dit.

-Zertan zabiltza zu? -galdetu diot kafea ateratzen ari zaidala.

-Orain, beste sozio batekin, ardo dastaketa eskaintzen duen zerbitzu bat sortu dut -erantzun dit kafeko lehen zurruta hartzen duen bitartean.

-Banekien ardozalea zinela, baina ez maila horretaraino.

-Gauza zeharo desberdin batekin hasi nahi nuen lanean eta ardogintza zen gehien motibatzen ninduena. Ez nuen bitan pentsatu proiektu honekin hasteko eskaintza egin zidatenean -beregatik asko poztu naiz. Paper-fabrikan zegoela motibazio askorik gabe ikusten nuen lanean. Orain beste pertsona bat dirudi-. Zuk langabe jarraitzen duzula esan didazu ezta? -jarraitu du.

-Bai. Lan eskaintza desberdinak izan ditut baina ez dut zorterik izan -ez dakit zergatik baina erdi lotsatuta kontatu diot nire egoera.

-Eta ez duzu zure kabuz ezer hasteko gogorik?

-Pentsatu izan dut… Baina ez dakit. Ez dut inoiz horrelakorik egin. Gainera, zer egin nezake?

-Argazkilaritzan aritu zinen ezta?

-Bai, baina mundu hori zaila da. Jende asko dago horretan lanean -benetan ez dut daturik eskuartean, baina zerbait esan behar nuen.

-Oraintxe bertan ez duzu lanik. Nik ez dut alde negatiborik ikusten -erantzun dit irmo.

-Ez dakit…

Buruari bueltaka hasi naiz orduan. Horrelako erabaki bat hartzeak suposatzen duen guztiak blokeo moduko bat eragiten dit.

Mundu honetan erabakiak uneoro hartu behar izaten ditugu. Kasu batzuetan, hartutako erabaki horiek, gure etorkizunean inpaktu txikia izango dutela iruditzen zaigu. Beste kasu batzuetan, aldiz, hartzen ditugun erabakiek gure etorkizuna baldintzatuko dutela uste izaten dugu. Zergatik arduratzen gaitu horren gutxi kalera atera aurretik ipiniko ditugun galtzerdiak zeintzuk izango diren erabakitzea eta horrenbeste lan berri batekin hastea? Segurtasun edo konfiantza kontua izango da.

Hartzen dugun trenak zein helmuga izango duen aurrez jakiteak eroso sentiarazten gaitu. Baina horrela ez den kasuetan? Posible da tren bat hartzea bere helmuga zein izango den ezagutu gabe? Ezinezkoa dirudi tren bat ziurtasun guztiekin hartzea, bidaia batean ezusteko gauza asko gerta daitezkeelako eta bidaian zehar geltoki asko ditugulako helmugak ere izan daitezkeenak. Baina, orduan, zein da gakoa? Hartu behar dugun trenaz seguru egotea edo bidaiaz gozatzea, helmuga benetan zein izango den aurreikusi gabe? Galdera guzti hauek buruan ditudala agurtu dut Alaitz eta bidaia berrian zortea izan dezala opa izan diot.

Etxerako bidea hartu beharrean, norabide gabe joan naiz kaletik. Ingurua begiratzen jarri naiz, jendea aztertzen. Bakoitza bere munduan dago, bere trenean ibilbide propioa eginez. Ni nirea egiten ari naiz, baina beste bat hartu beharko ote nuen galdetzen diot nire buruari.

Oinez noala, aurrean tren geltokia agertzen ikusi dut pixkanaka. Handitzen doa nire begien aurrean urratsak aurrera ematen ditudan bitartean. Bertan, geltokiaren fatxada aurrez aurre begiratzen jarri naiz, inguruan bidaiariak alde batetik bestera gurutzatzen ari zaizkidan bitartean. Ez nuen horren handia imajinatzen. Azkenean, geltoki barrura sartu naiz, jendearen mugimenduak bultzatuta.

Barruan nasak elkarren ondoan daude, eta erdian tren zuri bat dago abiatzeko prest. Bertara hurbildu eta trenaren alboan dagoen banku batean eseri naiz. Parean tren zuriaren ate gorriak ditut, parez pare irekiak. Inguruan ez dago inor, denak trenean sartu dira dagoeneko. Bihotzaren erritmoa pixkanaka azkartzen doala nabaritzen dut; orain da unea.

“Hirugarren nasako trena minutu bat barru irtengo da” entzun da megafonotik. Nora joango ote den galdetu diot nire buruari. Berdin dio. Zutik jarri naiz eta hiru urrats eman ditut aitzinera, trenaren atera hurbildu arte. “Trenak hartzeko daude” esan diot nire buruari eta atea gurutzatu dut orduan.